
flicker-etik hartuta
Bizindar etnolinguistiko kontzeptua hizkuntza komunitatearen osasuna neurtzeko erabiltzen da. Hizkuntzen inguruan egituratzen diren komunitate nahiz taldeek beraien biziraupen eta birproduziorako egokiago edo desegokiagoak diren inguruneetan integratzen dira. Bizindar etnolinguistikoa izeneko eredu teorikoaren baitan hizkuntza portaeran eragiten duten faktore guztiak bilduz gero, emaitza neurri bereko hizkuntzaren erabilera litzateke: gizarte baldintzak zelakoak, bizindar nolakoa, erabilera halakoa.
“Bizindar etnolinguistikoa” esan eta, oro har, denek uler dezakete zertaz ari garen: hizkuntza eta kultura aldetik ezaugarri bereziak dituen giza talde baten bizi-kemenaz. Beraz, bizindar handiko talde etnolinguistikoek aukera handia izango dute bizirik irauteko.
H.Giles, R.Y. Bourhis eta D.M. Taulor ikerlarien jatorrizko kezka edo helburua izan zen zehaztea zer nolako lotura duten hiru elementu hauek: hizkuntza, etnizitatea eta taldeen arteko harremanak.
1. Bizindar objetiboa. Egileen abiapuntua hizkuntzaren garrantzia azpimarratzea izan zen eta bi tresna nagusi proposatu zituzten: bizindarraren faktore objetiboen eredua, eta prozesu psikosozialak: hizkuntzaren eta talde etnikoen arteko harremanak aztertzeko proposamen teorikoa.
Bizindarraren faktore objetiboak hiru multzotan bildu zituzten: estatusa, demografia eta sostengu instituzional. Estatusak zerikusia du hizkuntzaren prestigioarekin, eta bertan eragiten duten faktoreak ekonomikoak, sozialak, soziohistorikoak eta linguistikoak izan daitezke. Demografiaren atalean kontuan hartu behar dira hiztunen kopurua eta haien banaketa lurraldean zehar. Babes instituzionak zerikusia du hizkuntza erakundeetan duen pisuarekin, gobernuan, elizan, ekonomian…
Arazoaren alde psikosozialak aztertzeko, Tajfelek honako kontzeptu hauek erabiltzen ditu: kategorizazio soziala, gizarte identitatea, konparazio soziala, bereizketa psikologikoa,… Oinarrizko tresna kategorizazio soziala da: pertsonak multzo edo kategoriatan sailkatzea: beltzak/zuriak, euskaldunak/ erdaldunak… Gizarte identitateak bi alde ditu:lagun bat zein taldetako kiden den jakitea, alde batetik, eta, bestetik, partaidetza horri aitortzen zaion balioa.Identitateari, hala ere, beste taldekiko konparazioaren bidez ematen zaio esanahia; hau da, jendeak bere taldea beste taldeetatik bereiztea bilatzen du, batez ere onesten diren ezaugarriak areagotuz.
2. Bizindar subjetiboa. Giles eta bere lankideak berehala konturatu ziren bizindar etnolinguistikoaren alde subjetiboak irizpide objetiboak bezain garrantzitsuak zirela. Hori dela eta galdetegi bat prestatu zuten; galderak bizindar objektiboa neurtzeko faktoreetatik eratorriak ziren: galdera bakoitza faktore objektiboren batekin lotzen zen. Horrela alde objektiboa eta subjektiboa uztartuta, errazago izango zen neurtzea talde etnolinguistiko baten aukerak komunitate bereizi bezala bizirauteko kultura nagusiekiko ukipenean.