Izenak berak aditzera ematen duen moduan, ikasgelaren argazki moduko bat egiteko tresna da gela-argazkia. Ikasleen mintza jarduna zer-nolakoa den azaldu nahi du. Mintza jardun nagusiaren argazkia egin nahi du, labur eta zehatz.
Argazki horrek oinarri teoriko jakinak ditu: mintza jardunaren aldakuntza-iturrien araberako azterbidea batetik (ikus, esate baterako, Fishman-en Language Loyalty in the United States, 1966, 437. or.), eta Colin Baker-en ele biko nagusitasun-moldaera bestetik (ikus, bereziki, bere 1993ko Foundations of Bilingual Education and Bilingualism, 19-23. or.). Oinarri horietatik eta beste zenbaitetatik abiatuz prestatu zuen Mikel Zalbidek, 2004an, esku artean duzun aztermoldea.
Mintza jardunaren aldakuntza-iturrien azterketa hori hizkuntza-soziologiaren oinarrietako bat da. Gizabanakook jarduera modu bat edo beste agertu ohi dugu ele biko ingurumenetan, zer adierazpidez ari garen, zer hedabidez, zer situaziotan eta zer jardun-gunetan. Adierazpideak hiru dira nagusiki: hitz egitea, irakurtzea eta idaztea. Hedabideen sailean berariaz aztertzen dira, bestalde, barne-gogoeta, besteren azalpenak jasotzea eta besteri, hitzez edo idatziz, zerbait azaltzea. Situazioei dagokienez berariaz tratatzekoak dira, hurrenik hurren, situazio formalak (hizkera jasoa, landua, jendaurreko hizkera edo idazkera zaindua), informalak (kolokialak) eta intimoak (lagun minekikoak). Jardun-guneek (eta bertako rol-harreman adierazgarrienek) konfiguratzen dute, azkenik, aldakuntza-iturri nagusia: hitz egiterakoan, irakurtzerakoan edo idazterakoan ez dugu berdin jokatzen, ezinbestean, etxean eta kalean, eskolan eta astialdian. Ikasleen mintza jarduna ere aldakuntza-arau jeneral horien ildora biltzen da sarri. Bidezkoa da, hortaz, ikasleen mintza jarduna goiko patroi jeneral horren arabera aztertzea.
2004ko Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztu zen, esan bezala, eredu konkretu hau. Han landutako kontzeptuak eta prozedurak hainbat ikasgelatan aplikatu ziren, eta aski emaitza argigarriak eskuratu. Euskara Zerbitzuan landu zen horretarako aplikazio-tresna. Aplikazio horri gela-argazkia esan diogu, harrez gero.
GELA-ARGAZKIAREN EMAITZAK 2010 IKASTURTEAN
2011ko otsailaren 15eko Gorbeialde taldeko bileran eskualdeko 8 ikastetxeen datuetatik eratorritako irakurketa egin genuen.
Hona hemen emaitzak eta irakurketa: Gela-argazki proiektuko emaitzak 2010
